XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

CAFen euskararen erabilera plana

Aurten lau urte beteko dira CAF enpresan euskararen erabilera areagotzeko plana abian jarri zenetik; hau da: Elhuyarrek CAF-erako diseinatutako plana enpresan bertan abian jarri genuenetik.

Enpresa handia da CAF, Euskal Herriko handienetarikoa, sail eta langile asko dituena.

Ezaugarri hori kontuan hartuta eta enpresa-munduan euskararen erabilera areagotzeko planen hastapenetan geundenez, planari enpresa osoan ekin beharrean sail batekin hastea erabaki zen, IV. Dibisioko zati batekin hain zuzen ere.

Lehen sail hari dagokion plana aurten amaituko dugu, ekainean.

Duela urtebete eta hiru hilabete, diseinu berri bat egin eta gero, Bulego Teknikoan eta Ikerketa Sailean planaren inplementazioarekin hasi ginen.

1998ko irailean, azkenik, beste bi sail berrietarako diseinua egin da: Informatika Saila batetik eta Prozesuak Saila bestetik.

Beraz, duela lau urte hasitako bidean bagoaz poliki-poliki aurrerapausoak eginez.

Non gauden eta gauden horretara nola iritsi garen jakiteko baliogarria izan daitekeelakoan, historia apur bat egin dugu aurreko lerroetan azal-azaletik bada ere CAFen aurrera eramaten ari garen euskararen erabilera areagotzeko planaren egoera azalduz.

CAFen aspaldikoa da euskararen aldeko jarrera.

Orain baino lehen, lantegian bertan antolatu izan dira euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak; lantegian aukerarik ez zegoenean kanpoan eskolak jasotzen zituenari laguntzak ere eman izan zaizkio.

Dena den, borondatez gehiago ari ginen aztertutako plan baten arabera baino.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzatik aukera berri baten notizia heldu zen: lan-munduan euskararen erabilera gehitzeko planak diseinatzen hasiak zirela Elhuyarren eskutik.

Gaia aztertu eta gero horrelako plan bat ezartzea erabaki genuen.

Planaren helburu nagusia: euskara langilearentzat lanerako erreminta bihurtuz, euskararen erabilera gehitzea; eta plana erabat garatzen den egunean, euskaldun batek hala nahi izanez gero, enpresan ematen duen denboran euskaraz aritzeko aukera errealak izatea.

Eguneroko lanean planak badu eragina.

Ahozko erabilera eta idatzizko erabilera neurtu dira plana martxan dagoen gunetan, eta datuek erakusten dute erabilera gehituz doala.

Euskaldun askok hainbat euskaldun berri euskaldun gisa identifikatzea lortu dute.

Langileengan kontzientzia piztu da, bai ahozko erabileraren inguruan bai inprimaki eta mezu idatzietan ere, eta horren adibidea da plana martxan dagoen guneetan hizkuntza paisaia aldatu dela eta bertan ikus daitezkeen txarteletan euskara beti agertzen dela.

Azkenik arlo teknologikoan gauzak euskaraz ere egin daitezkeela ikasi dugu, eta euskara ere prestijioa hartuz doala.

CAF horren lantegi handia izanik, euskaldun asko dago bertan, baina erdaldunak ere asko dira, eta era ezberdinean bizi dute egoera.

Euskaltzaleek plana motelegi doan ustea dute eta erdaldunek seguruen bizkorregi doalakoa, baina bien arteko oreka gorde beharra dago, enpresan denak kontuan hartu behar direlako eta guztien beharra duelako enpresak.

Aurrera begira, plana beste sail batzuetara zabalduz joan beharko da, eta neurri berean plana burutu den sailetan oinarri sendoak ezarriko dira euskararen normalizazio bidea jarraitzeko, hiruzpalau urtetan ezin baita erabateko normalizazioa lortu.

Ikusten denez, orain arte egindakoa ez da gutxi; egiteko dagoena, berriz, ez da gutxiago izango.